Jendetzak eraman du Korrikaren lekukoa herriz herri, auzoz auzo, Garestik Gasteizera. Goizeko zortzi eta erdietan sartu da arabar hiriburur...

Jendetzak eraman du Korrikaren lekukoa herriz herri, auzoz auzo, Garestik Gasteizera. Goizeko zortzi eta erdietan sartu da arabar hiriburura Korrika. Lau orduz ibili da han ekimena, azken metroetan. Kontseiluko ordezkariek AEK-koei eman diete lekukoa, eta mezua argitu da: Maialen Lujanbiok idatzi du. Bi aldiz Euskal Herriko txapeldun, aurtengo mezuaren egile ezkutua izan da.
Maialen Lujanbiok animo eta txalo artean hartu du hitza. Bertso bat izan da, noski, bota duena. «Gasteizaino korrika, ekarri dugunoi biba; gora eutsi, goza, klika», hasi da. Aurtengo Korrikaren leloarekin bat eginda, 'klika' egitera animatu ditu gizartea eta eragile, erakunde zein politikariak. Software batekin alderatu ditu euskara eta euskal gizartea: librea, eguneratua, edukitzekoa baino, erabiltzekoa dena.
«Euskarak behar du herri honen sistema eragilean, memoria handiko herri honen sistema eguneratua», gaineratu du, eta aldarrikatu, dena badu aurka, horrexegatik justu, dena duela sortzeko euskal gizarteak.
Galdegin du, baita ere, «erakundeek, alderdi politiko eta komunikabideek, hainbeste maite gaituzte korrika gabiltzala, zergatik gutxietxiko gaituzte hainbestetan, oinez gabiltzanean?», eta dei egin du konpromiso indibidual zein kolektiboak mantentzera, Korrika amaitu eta gero ere, 'klika' egiten jarraitzeko.
«Egin, eragiteko, eragin eginarazteko, eginez eginarazi, aukerak eskaini eta euskara eskatu, eskertu eta ospatu», kantatu du bertsolariak.
AEK-ko Mertxe Lujanbiok eman dio lekukoa, eta Lujanbiok eraman du azken metroetan, mezuak gordetzen duena entzun aurretik.
Suhiltzaileek kamioiak atera dituzte, Gora Euskal Eskola Publikoa elkarteak aldarrikapena egin du, 'kilometro trabestia' ere egin dute, eta baita kilometro feminista ere. Eguerdian ailegatu da lekukoa bere helmugara, Andra Mari Zuriaren plazara, eta orduan eman dute ezagutzera lekukoak ezkutatu duen mezuaren edukia.
Festarako dena prest dagoela heldu dira eragile, erakunde-ordezkari eta euskaltzaleak helmugara. Ekin diote jaiari Gasteizen.
by via RSS de noticias de portada
COMMENTS