Dena prest dauka Urretxu-Zumarraga Ikastolako hezkuntza komunitateak gaur Kilometroak 2018 jaia ospatzeko. Dena eguraldia ezik. Tenperatura...

Dena prest dauka Urretxu-Zumarraga Ikastolako hezkuntza komunitateak gaur Kilometroak 2018 jaia ospatzeko. Dena eguraldia ezik. Tenperaturak behera egingo duela eta zaparradaren bat ere botako duela dio iragarpenak, baina aurtengo ekitaldirako eraiki den 'zubia' eguraldiaren gorabeheren gainetik geratzea espero da. Handik igaroko dira milaka euskalzale, besteak beste ikastola antolatzailearen eraikuntza egokitzen laguntzeko, eredu pedagogiko berria behar bezala aplikatu ahal izateko.
Zirkuituak 5,9 kilometro eta lau gune izango ditu gehieneko desnibela 200 metrokoa izango delarik. Ez da itxiera edo hesirik egongo, inklusibitatea, aniztasuna eta funtzionalitate berriak irudikatzeko diseinatu baita ibilbidea.
Ikastolan (Urretxuko Pagoeta auzoan) kokatuko da 1. gunea. Hau izango da Kilometroetako gune nagusia, bertan egingo baitira irekiera ekitaldia 9.30etan eta omenaldia eta lekuko ematea ondoren, eguerdian. Umeei eta haien gurasoei zuzendutako gunea izango da.
Bigarren guneak Zumarragako eta Urretxuko bi leku hartuko ditu: Euskadi enparantza eta Lizeoa, Klara Larrañaga parkearen ondoko zubiaren bitartez batuko direnak. Halaber, azpigune bat izango du Zelai Arizti parkean. Euskal kultura eta aniztasuna ardatz hartuta. Gune honetan antolatuko da azken urteotan hainbeste indar hartu duen Erronka.
Hirugarren gunea Etxaburun ezarriko da, eta gazteentzako kontzertuak egongo dira bertan. Gora jarraituz, Santa Barbarara helduko dira ibiltariak, laugarren gunera. Hemengo eskaintza ere gazteei zuzenduta egongo da bereziki. Pagoeta aldetik jaitsita Ikastolara helduko da berriz ibilbidea.
Antolakuntzak garraio publikoa erabiltzeko gonbitea luzatu du Urretxu eta Zumarragan ez baitaude soberan aparkatzeko tokiak. Renfek bere zerbitzua indartu du. 9.00tatik 13.00etara eta 18.00etatik 22.00etara 15 eta 20 minutuz behin izango dira trenak. Lurraldebusek ere autobus zerbitzu berezia eskainiko du, batez ere Deba ibaiaren arroatik datozenentzat. Bizikletaz iristeko ere bidegorri apartak daude.
by via RSS de noticias de portada
COMMENTS