Durangoko Azokak 53. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur, urriak 23, Durangoko Arte eta Historia Museoan egindako prents...

Durangoko Azokak 53. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur, urriak 23, Durangoko Arte eta Historia Museoan egindako prentsaurrekoan. 'DA! asko dira!' da aurtengo leloa. Txakur Gorria sormen kolektiboak egin du, eta horren bidez Azokak bere aniztasuna aldarrikatu du.
Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek osatzen dute Txakur Gorria. «Oso oso pozik jaso genuen Durangoko Azokako eskaera, ilusio handia egin zigun», esan dute. Azokarekin harreman estua dute; aurreko urte bietan erakusleihoa izan dute kulturaren plazan: «Aurtengorako ere irrikan gaude». Izan ere, izen handiak izan dira kartelaren egile (Nestor Basterretxea, Itziar Ocariz, Marta Cardenas, Jose Luis Zumeta, Christine Etchevers, Jose Antonio Sistiaga...), baina aurten sortzaile berriengana jo dute.
Kartela Landakoko planoan oinarrituta dago eta bertako mugimenduak irudikatzen ditu: sarrerak, irteerak, geldialdiak, orrialdeak pasatzeko keinuak, besarkadak... Edizio honetako lelo nagusia Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu. «Euskal kultura oparoa eta aberatsa da eta aniztasun horren isla da Azoka. Kulturaren plaza da, merkatua, ikuskizuna, urteroko hitzordua, gogoeta eta eztabaidarako plataforma, jaia, errituala, topalekua...», esan du. Nabarmendu duenez, Durangoko Azoka bakarra da, baina aldi berean Azoka asko dira: «DA! bizitzeko modu asko dago. Batek Azoka ikusi egiten du, besteak entzun, batzuk abestu, norbaitek ikutu, bakarren batek laztandu, agian usaindu, edo dastatu, askok irakurri eta beste hainbatek sentitu«.
«Euskal kultura oparoa eta aberatsa da eta aniztasun horren isla da Azoka» nerea mujika, gerediaga elkarteko presidentea
Mujikak azpimarratu duen bezala, sormenaren lurraldea anitza da, zentzu fisiko eta metaforikoan: «Bertan elkartzen da sortzaile berria eta ibilbide luzekoa, garaikidea zein tradizionala, abangoardista nahiz herrikoia eta komertziala bezala apurtzailea»
Egitarauan ere islatuko da aniztasun hori. Kontzertu handiak eta intimoak; antzezlan luzeak eta mikroantzerkiak; proiektu ezberdinen aurkezpenak; kultura digitala; film-emanaldiak; umeentzako tailerrak... Ekitaldiak, Azokan topatu daitezkeen produktuak (nobela, saiakera, poesia-liburu, komiki, disko, binilo, ikus-entzunezkoak...) edo bisitariak bezala, anitzak dira.
Aurkezpenean, Gerediaga elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariekin batera, babesle publikoetako ordezkariek parte hartu dute: Joxean Muñoz (Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea), Ana de Castro (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria), Aitziber Irigoras (Durangoko alkatea) eta Maria Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia). BBK, Euskaltel eta Eroskiko kideak ere egon dira, Azokako babesle pribatuetako ordezkari gisa.
by via RSS de noticias de portada
COMMENTS