$type=grid$count=4$tbg=rainbow$meta=0$snip=0$rm=0

Santutegiko iraultza

SHARE:

1968 . urte hasieran Euskaltzaindiak bere ohiko bilera horietako bat egin zuen Bilbon. Urte hartan Akademiak 50 urte betetzen zituen eta h...

1968. urte hasieran Euskaltzaindiak bere ohiko bilera horietako bat egin zuen Bilbon. Urte hartan Akademiak 50 urte betetzen zituen eta hasi ziren hizketan kongresua egin beharko zela, eta zein izan zitekeen gaia. Euskaltzain urgazle batek –ez edozeinek, Gabriel Arestik– euskara literarioaren batasuna proposatu zuen, eta euskaltzainek ontzat hartu zuten. Gainera, uztail hartan idazleen biltzarra egin zen Ermuan, eta han ere kide gehienek eskabide bera egin zuten.

Batasunaren kontua aspaldiko ametsa zen. 1922an, Akademiak berak eskatuta, Arturo Kanpion eta Pierre Broussainek txostena egin zuten gai horretaz. Gainera, 1963-64an zehar beste gertaera handi bat izan zen, Baionan. Txillardegi zenak bultzatatuta, eta Euskal Idazkaritza deituriko elkartearen babesean, Bidasoaz bi aldeetako idazle batzuk bildu eta euskara idatziaren batasunaren inguruko hausnarketa egin zuten, ortografiari buruzko proposamen sorta bat helarazi ziotelarik Euskaltzaindiari.

1968ra bueltatuz: luzamenduetan ibili gabe, hasi ziren Arantzazuko kongresua antolatzen. Batzorde antolatzailea eratu zuten, eta bertako buru Koldo Mitxelena ipini.

Koldo Mitxelenaren jakiturian konfiantza ipiniz ekin zitzaien lanei eta eztabaidei

Euskaltzainburua, orduan, Manuel Lekuona oizartzuar apaiza zen, historiako gaietan aditua, eta ahozko literaturaren ikerlari handia. 1966ko abenduan hartua zuen akademiaren gidaritza eta Arantzazuko bilera erabakigarri hura egin zenean 72 urteko gizona zen.

Urriaren 3, 4 eta 5ean egin zen biltzarra, Arantzazuko ospederiako aretoan. Akademiak bilera zabala nahi zuen, idazle eta irakasle jendeari luzatu zion gonbita eta badirudi azkenean 50 bat lagun bildu zirela hiru egun haietan.

Salbuespen egoeran

Parte-hartzaileetako bat Jose Luis Lizundia euskaltzain urgazlea zen, eta ogibidez Garai herrixkako udal-idazkaria. Akademiarekin harreman nahiko estua zuen, erakunde honek martxan jarritako alfabetizazio kanpainan ari baitzen lanean, Bizkaiko batzordeko buru, Aingeru Irigaray euskaltzaindak proposaturik.

Lizundiak gogoan du ospederian Iñaki Beobide izan zuela gela-lagun. «Orduan Polizia atzetik zuen Beobidek, eta gainera salbuespen-egoera zegoen Gipuzkoan», adierazi digu.

Lizundiak uste du Antonio Arrueren lana funtsezkoa izan zela. 'Asteasuko beltza' esaten zioten euskaltzain honi, karlista zen eta errejimen frankistaren konfiantzazko gizona. «Gobernadore zibilarekin hizketa egin zuen Arruek eta lortu zuen baimena Arantzazuko biltzarra egiteko. Kontuan izan ezazu salbuespen egoera zegoela, ETAk Melitón Manzanas hil berria zuen, abuztuan».Hasierako asmoa zen biltzarra Oñatiko unibertsitatean egitea, baina salbuespen egoera zela eta toki diskretuago batera aldatu zen, Arantzazura.

Adineko batzuek ETAzale gazteen asmo ezkutuak ikusten zituzten H letraren defentsan

Biltzarra urriaren 3an hasi zen, Manuel Lekuonaren sarrera-hitzaldi batez. «Mitxelena jaunaren babes seguruan izan zituen batzordeak zenbait billera», esan zuen Lekuonak. Eta aurreraxeago: «Txosten ederra eta ongi pentsatua, gure euskaltzain-lagun Mitxelenarena».

Beraz, Koldo Mitxelenaren jakiturian konfiantza ipiniz ekin zitzaien lanei eta eztabaidei. Gero Errenteriakoak aitortuko zuen oso aintzat hartu zuela 1964an Baionan Txillardegik-eta egindako txostena.

Hizkuntzaren batasuna «lan zaila» zela aitortuz jarraitu zuen Lekuonak bere sarrera-hitzaldi hori. «Zer artu, zer utzi? Irizpide on bat erabilli bear. 'Bereizten gaituena utzi', 'guztiontzat berdintsu dana artu'. Baña zer da berdintsu dana, nun dago? Mitxelena jaunak lan luze eta zabala egin bear izan du ori erabakitzeko. Eskerrak berari». Eta bukaera aldera euskaltzainburuak: «Dezagule bake, dezagula batasun, –biotzezko batasun– gure batasunari buruzko eztabaidak asterakoan».

Beste hizlari hautatuak hauek izan ziren: Luis Mitxelena batzorde teknikoaren burua (ortografia), Luis Villasante (hitzen formak), Anbrosio Zatarain (hitz berriak), Xalbador Garmendia (deklinazioa).

Mahaiburukoak, berriz, euskaltzain hauek: Jean Haritschelhar, Aingeru Irigaray, Eusebio Erkiaga, Piarres Lafitte, Piarres Larzabal, Antonio Labayen eta Jose Maria Satrustegi.

Orduan, Akademiako idazkari, Juan San Martin eibartarra zen. Pentsatzekoa da funtsezko papera jokatuko zuela biltzar hartan.

Txosten eta komunikazioak

Horrelako bileretan gertatu ohi den bezala, Arantzazura iritsi ziren txosten eta komunikazio batzuk. Den-denak ez ziren irakurri, baina guztiak izan ziren kontuan hartuak eta aztertuak.

Txosten haietako lau batasunaz ziren: Txillardegi, Xabier Gereño, Jose Maria Lojendio eta Iratzederrenak, alegia. Beste hiruk 'h' letraren gainean ziharduten batez ere: Justo Mokoroa, Aita Onaindia eta Kamiñazpiren txostenak, alegia. Carlos Santamariak hitzen auziari buruzko idazlana aurkeztu zuen, Jaime Kerexetak beste bat deklinazioaz.

Txillardegi sutsu mintzo zen bere txostenaren hasieran: «Euskera osotuaren beharra aipatuko dut lehenik. Behar hau behar gorria da: euskera bakar bat lortzeko premia guzizkoa». Txillardegi orduan Broselan bizi zen, ihes eginda, baina izan zuen txostena helarazteko modurik. Eta Xabier Gereñoren txosten hasiera: «Nire ustez, derrigorrezkoa da literatura euskeraren batasuna».

Jose Maria Lojendio, euskaltzainburu izandako gizonak, gipuzkeraren alde egin zuen erabat: «Idatz-izkeraren batasunerako, giputz euskalkira jo bear genuke danok». Zergatik? «Azkuek 'Euskalerriaren Yakintzaren' Itz aurrean dion bezela, euskaldun geienentzat errazena dalako». Lojendioren iritziz, batasunerako gipuzkera edo bizkaiera hautatu ezkero, «H erabiltzea ez li-tzateke egoki».

Xabier Diharce 'Iratzeder' poetak bi etsai aipatzen zituen bere idatzi laburrean: «garbiegizaleak» eta «enexoko-moko»-zaleak.

Justo Mari Mokoroak, berriz: «Nik eztet bear gorri ori iñondik iñora ikusten». Eskolapio hau ere h letraren aurka mintzo zen bere txosten horretan. Eta Aita Onaindiaren aurreneko hitzak: «Euskera idatziaren batasuna premiñazkoa degu, ez ordea il edo bizikoa». Eta h letraz: «Erriak oso gaizki ardu du oraingo gazte batzuen moda ori».

Jose Maria Etxaburu 'Kamiñazpi'-ren txostena esaldi gogor batekin hasten zen: «Euskeraren batasuna euskalkien eriotza da». Eta aurrerago: «H ezelan be ez genduke erabilli biar Bidasoa emendikaldekoak».

Yon Etxaide idazlearen azalpena honela hasten zen: «H-ren kontra dauden Bidaso'z beheitiko euskaldunei eta batez ere ene anai giputzei, nahi nieke pentsa-erazi euskera eztela gipuzkera, Gipuzkoa'n kaskezurreraiño sartuta baitaukagu uste oker hau, gerekoikeri higuingarri baten eragiñez».

Egin ziren hiru egun haietako hizketa saioak eta, azken egunean, adierazpen bat zabaldu zuen Akademiak. Lau puntuko adierazpena zen, lehenbizikoa ortografiaz: «Hortarako hautatu zen batzordeak adierazi dituen pundu gehienak onhartuak izan dira». Bigarrena, H letraz: «H-ren hauzian, izan diren iritziak entzun ondoan, erdi-bide bat aukeratu da hasteko: alegia, begi onez ikusiko lukeala Euskaltzaindiak letra hori bi bokal berdin nahiz ezberdinen artean erabiltzen hastea».

Ikusten denez, H letra izan zen Arantzazuko eztabaida gai gogorrenetako bat. Izan ere, sinbologia handia zeukan letra horrek: grekeraz, itxura hori daukan letrari 'eta' esaten zaio, eta adineko batzuek ETAzale gazteen asmo ezkutuak ikusten zituzten letraren defentsan.

Nolako giroa egon ote zen bilera haietan? Jose Luis Lizundiak argi dauka: «Gauzak lasai joan ziren, eta euskaltzainen artean inor ez zen batasunaren kontra jardun».

Euskaltzaindia bera, bere azken eguneko adierazpen horretan ere pozik ageri zen: «Atsegin hartu du Euskaltzaindiak elkar-hizketa honetan agertu den giroaz, gendetasunaz eta elkar lanerako gogoaz, eta uste du, gero ere, guztion laguntzarekin, bere eginkizuna beteko duela. Hortan saiatuko dela».

Beraz, amaierako agiri honetan garbi ikusten da H letraren kontrakoek beren borroka hori galdu zutela.

Handik hilabete batzuetara, 'Batasunerako hiztegia' izeneko hitz-zerrenda publikatu zuen Akademiak bere 'Euskera' agerkarian. Hor zehatz eta irmo agertzen zen hainbat hitzen grafia.

Bukatu zen Arantzazuko biltzarra eta batasunaren inguruko lanekin jarraitu zuten Mitxelenak-eta. Hala ere, gizartean bazegoen sektore bat –eta ez txikia– Arantzazuko erabakiak bere egin ez zituena. Adibidez, hor dugu Elizako Liturgia Batzordearen kasua. Bigarren Vatikano Kontzilioa 1965ean amaitu zen, eta handik aurrera latinaren nagusigoa amaitu zen, elizkizunak tokian tokiko hizkuntzan egiten hasi zirelarik. Euskarazko testuak erabaki behar zituen Liturgia Batzordeak lan handia egin zuen, baina ez zuen eredu bat bakarra ezarri euskal lurralde guztietarako. Elizkizunetan euskalkiek presentzia handia edukitzen jarraitu zuten.

Jose Luis Lizundiak uste du «orduan, oraindik ere, bazegoela sektore oso integrista, oso dogmatiko bat. Kontuan izan garai hartan euskaltzain gehienak elizgizonak zirela. Hiru lagun baino ez ziren doktore, hirurak laikoak: Koldo Mitxelena,Jean Haritschelhar eta René Lafon. Euskal munduan agintzen zutenak elizgizon dogmatikoak ziren, baina Villasante adidibez, bere frantziskotar-sotana eta guzti, ez zen dogmatikoa».

1970ean gertaera erabakigarria etorri zen. Hauteskunde urtea zen Akademian, euskaltzainburu berria aukeratu behar zen. Koldo Mitxelena, Jose Maria Satrustegi eta orduko idazkari Juan San Martin Arantzazura joan ziren. Nahi zuten Luis Villasante konbentzitu, eginkizun horretarako bere burua aurkeztru zezan. Auto hartan txofer, Jose Luis Lizundia zihoan, orduan idazkariorde lanean hasi berria.

Lizundiaren iritziz, «erabaki estrategiko oso garrantzitsua izan zen» Villasanteri egindako proposamena. «Villasantek esan zuen kontsultatu egin behar zuela. Hura frantziskotarra zen eta ordenako buruek baimena eman behar zioten».

1970eko hamarkada hartan, lagun batzuk ozenki mintzatu ziren batuaren kontra. Justo Mokoroak eta Antonio Mª Labaienek liburu bana atera zuten, eta Oskillasok, geroxeago, 'El libro negro del euskera'. Eusko Alderdi Jeltzalean bi korronteak nabari izan ziren urte luzez, batruaren aldekoak eta kontrakoak.

Orain, berriz ere atzera pixka bat eginez, ikus dezagun Juan MariLekuonak zertzuk utzi zituen idatzita bere osaba Manueli buruz. Alegia, iloba euskaltzainak nola gogoratzen zuen osaba euskaltzainburuaren sasoi gorabeheratsu hura: «Arantzazuko biltzarrean eztabaida zaratatsu batzuk izan ziren, batez ere H-ren alde eta aurka. Dena den, euskaltzain osoek Biltzarreko beren azken agiria idatzi zutenean, gelan zeudenen artean inork ere ez zuen desakordiorik agertu. Baina azken Agiria eta aktak Eskaltzaindiren 'Euskera' aldizkarian argitaratu zirenean, orduan sortu ziren istilurik larrienak. Orduan hasten da zatiketa. Don Manuelek berak ere bere deskargua irakurri zuen Euskaltzaindiaren bilera batean, batasun-bide horri bere desakordioa agertuz. Gero, hurrengo karguberritze batzarrean, Aita Villasante aukeratu zuten Euskaltzainburu. Ziur badakigu, Manuel Lekuona joaten zela batzarretara buru-izatea utzi ondoren, baina handik laister uzten duela Euskaltzaindira etortzea».

Zergatik Manuel Lekuona euskaltzainburuak ez zuen ontzat hartu azkenean Akademiak erabaki moduan plazaratutakoa? Iloba Juan Mariren hitzak: «Beldur zen azkarregi joateagatik gauzak oker egiteko; ez zuen onartzen gomendioak diktadoreki ezartzea; ezin zituen irentsi batuaren izenean zetozkion idazlanak eta literatur ereduak; bere zalantzak zituen gizarteak Euskaltzaindiak proposaturiko euskara batuari emaniko baieztapenaz».

Villasanteren aitortza

handik urte gutxi batzuetara, Luis Villasante euskaltzainburuak honela deskribatu zuen 1968-1970 aro gatazkatsu hura: «Istilurik larrienak, ordea, Euskaltzaindiaren Agiri hori eta Arantzazuko Biltzarraren lanak ofizialki Euskaltzaindiaren agerkari den Euskera-n azaldu zirenean izan ziren. Orduan hasten da zatiketa, baita Euskaltzaindiaren barnean ere. On Manuelek Euskaltzaindiko batzarrean lan bat irakurtzen du batasun-bide horri buruz bere desakordioa agertuz, eta segituan lan hori Zeruko Argia asterokoan argitaratzen da. Orduan Euskaltzaindia kinka larri batean sartzen da. Bestalde, On Manuelek berak esaten du kargu berritze-hauteskundeak egiteko garaia ere badela, eta egin daitezela eskatzen du. Egin ziren 1970eko uztailean, eta horietan ni izan nintzen euskaltzainburu hautatua. Pentsatu zuten, nunbait, euskaltzainek euskaltzainburu berri bat behar zela egoera larri hartan. Neretzat ez zen bat ere gozoa, baina Euskaltzaindiak eskatzen zidanez gero, bihurgune hartan zerbitzu hori egin behar niola iruditu zitzaidan».

Hotsa zabaldu zen Euskaltzaindiak Manuel Lekuona bota egin zuela, baina ez zen horrelakorik gertatu. Euskaltzainburu izandakoak Akademiatik agertzeari utzi zion, besterik gabe. Euskaltzain izaten jarraitu zuen hala ere, kargua bizi osorakio baita.

Villasante euskaltzainburua esker oneko agertu zen Iparraldeko euskaltzainekin: «Eskerrak haien laguntasunari; horiek, Lafitte buru zutela, txintxo asko etortzen ziren batzarreetara eta beren atxikimenduaz asko egin zuten kinka txar hura gainditzeko».


by via RSS de noticias de portada

COMMENTS

Nombre

noticias,1,
ltr
item
Área nueva: Santutegiko iraultza
Santutegiko iraultza
https://static2.diariovasco.com/www/multimedia/201809/30/media/cortadas/handia-general-kXOF-U601081357451xwH-984x608@Diario%20Vasco.jpg
Área nueva
https://are1anueva.blogspot.com/2018/09/santutegiko-iraultza.html
https://are1anueva.blogspot.com/
http://are1anueva.blogspot.com/
http://are1anueva.blogspot.com/2018/09/santutegiko-iraultza.html
true
5629917481694580996
UTF-8
Loaded All Posts Not found any posts VIEW ALL Readmore Reply Cancel reply Delete By Home PAGES POSTS View All RECOMMENDED FOR YOU LABEL ARCHIVE SEARCH ALL POSTS Not found any post match with your request Back Home Sunday Monday Tuesday Wednesday Thursday Friday Saturday Sun Mon Tue Wed Thu Fri Sat January February March April May June July August September October November December Jan Feb Mar Apr May Jun Jul Aug Sep Oct Nov Dec just now 1 minute ago $$1$$ minutes ago 1 hour ago $$1$$ hours ago Yesterday $$1$$ days ago $$1$$ weeks ago more than 5 weeks ago Followers Follow THIS PREMIUM CONTENT IS LOCKED STEP 1: Share. STEP 2: Click the link you shared to unlock Copy All Code Select All Code All codes were copied to your clipboard Can not copy the codes / texts, please press [CTRL]+[C] (or CMD+C with Mac) to copy