Bere jaiotzaren berrehungarren urteurrenean, Altzoko herriak atzo aurkeztu zuen Migel Joakin Eleizegiren, Altzoko Haundiaren omenezko Inter...
Bere jaiotzaren berrehungarren urteurrenean, Altzoko herriak atzo aurkeztu zuen Migel Joakin Eleizegiren, Altzoko Haundiaren omenezko Interpretazio Zentroa, herriko turismo bulegoarekin eta jatetxe berriarekin batera. Haundiaren beraren eskultura da interpretazio zentroko protagonista nagusia, beren jantzien erreprodukzioekin, haurrentzako operako txotxongiloekin eta filmean erabili diren beste hainbat objektuekin batera.
«Txikitatik denok joan gara San Telmo museora ikastolarekin Altzoko Handiaren abarkak eta arropa ikustera. Herrian azkar ikusi zenuten operak eta filmak ekar zezakeena», aitortu zuen aurkezpenean Denik Itxaso Kultura eta Turismo Diputatuak. «Kostaldeaz gain barnealdean ere behar da museo bat eta horrelako figura batek merezi du museo bat edukitzea», zioen.
Herrian belaunaldiz belaunaldi igaro den historia izan da Migel Joakin Eleizegirena eta atzokoan herritar ugari gerturatu ziren ere Batzarremuño aretora aurkezpenera. «Handia zela, indar handia zuela, baina ona zela kontatu izan digute, eta Europa osoan zehar bidaiatu arren herrira itzuli zela», azaldu zuen Joseba Elduaien alkateak. Aretoa eraiki zenean Haundiak bazuen bere tokia, baina oraingoan museo bat osatu dute berak herriari emandako ospea nolabait itzultzeko. «Herritar askok parte hartu dute modu anonimoan proiektu honetan. David Azurzak haurrentzako opera egiteko asmoa aurkeztu zigunean ezin genuen pentsatu noraino iritsi garen» gogoratu zuen alkateak.
Benetako neurriak dituen erreplika eta 'Gure Handie' dokumentala, ikusgai
Zentroarekin batera, Eleizegiren bizitza azaltzen duen dokumentala ere eskaini zen, Eli Zapirainek eta Koldo Izagirrek egina. Bertan, herritar desberdinen ahotan Handiaren bizitza laburbiltzen da gaurdaino iritsi diren kontuetan eta pasadizoetan barrena: hiru pertsonak adina jaten zuela, Espainiako zein Europako Errege-Erreginak ezagutu zituela bere bidaietan, hezurrak erosi nahi izan zizkiotela eta herriminez Altzora itzuli zela Ingalaterrako emakume erraldoi batekin ezkondu nahi izan zutenean. Itzuli eta bi urtera zendu zen. Hala ere, norbaitek hezurrak lapurtu zituen eta gaur egun Europako museoren batean egongo diren ustea dute herritarrek.
Atzerrian 'Eleizegi erraldoia' edo 'Espainiar erraldoia' bezela egin zen ezaguna, estatuan 'Altzoko erraldoia' deitzen zioten, baina herrian 'Gure Handie' izendatu izan zaio betidanik, eta horrela du izenburua ere Eleizegiren inguruko dokumentalak. Hogei minutuko iraupena du eta aurrerantzean interpretazio zentroan bertan dagoen panelean egongo da ikusgai bost hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, ingeleraz eta frantsesez.
«Oso harmonikoa zen»
Hogei urterekin garatu zuen akromegalia gaixotasuna Eleizegik eta ondorioz, gorputzak hazten jarraitu zuen etenik gabe. Hil zenean, 43 urterekin, 2,42 metro altu zen. Neurri horietatik abiatuta Iñaki Moyuak, Tolosako erraldoien eta buruhandien egileak, benetakoa dirudien eskultura egin du, kanpoan jarritako leihotxo batzuetatik ikusi ahal dena.
Altzoko Handiaren ezohiko neurriak legendatik ez dutela hainbeste agertu zuen Moyuak. «Egin dudan erraldoiak benetako neurriak ditu, eta burua zein beste atalen neurriak kalkulatzerakoan denak pertsona arrunten proportzioarekin bat etortzen dira». Hain pertsona handiaren erreplika egiteko garaiko egunkarietan argitaratutako irudiak eta gaixotasuna bera aztertu dituzte: «oso harmonikoa zen: eskuak adibidez, 31 zentimetro zituen behatz lodiaren eta txikiaren artean eta buruak 30 zentimetro inguru. Pertsona arrunt baten buruak 20 zentimetro inguru neurtzen ditu. Handia horrelakoa izan zitekeen benetan», azaldu zuen.
Jantziak egiteko egunkarietako irudiak izan dituzte oinarri: «Orduan hiru tela mota erabiltzen zituzten nagusiki, pana horien artean, eta guk ere horiek erabili ditugu. Ez zituzten oraingo estanpaturik; borlak, eskudelak, eta abar zituzten», zioen Fermin Teruel jantziaren egileak. «Hasieratik argi genuen ideia eta ederki ulertu gara. Ikuslearengana makurtuta balego bezala jarri dugu ez genuelako zerbait zurruna nahi, erreala zirudiena baizik, gaixotasunak berak eragindako makurdurarekin. Hilabete askotako lana izan da, baina oso lan polita eta ilusioz betea», zioen Moyuak.
«Ez genuen pertsona batek erakutsi ahal zuen eraikin ireki bat eta museo bat baino erakustoki moduan jartzea pentsatu genuen. Horregatik Iñaki Moyuarekin hitz egin genuen lehenengo, erraldoia egin zezakeen galdetzeko. Ez genuen nahi kanpotik bakarrik ikusteko zerbait egin, baizik bilatu beharreko zerbait», azaldu zuen Jaime Garces dekoratzaileak. Erakusleihoetan Nestor Basterretxeak operarako diseinatutako bi txotxongilo, Irusoin ekoiztetxeak utzitako filmeko objektuak eta San Telmo museoan dauden jantzien eta abarken erreprodukzioak ikusi daitezke.
Interpretazio Zentroarekin batera Segoretxe etxean jarri den turismo bulegoa, bertako produktuen denda eta taberna-jatetxea ere aurkeztu ziren. Herrira gerturatzen diren bisitariek turismo bulegoan bertan jaso ahal izango dute hemendik aurrera Miguel Joakin Eleizegiren berri baita Manuel Antonio Imaz bertsolariaren eta izen bereko pagoaren berri ere.
COMMENTS